Azaroaren 12an egin da urteko azken ibilbidea, Santa Marina baseliza, besteak beste, bisitatzeko aukera eman duen ibilaldi batekin.

 2023ko Txiri Txiri proiektua azaro honetan amaitu da, Urdulizen ibilaldi historiko bat eginez. Ibilbide horrek amaiera ematen dio aurten ekainaren 4an hasi zen proiektuari, Plentziarako ibilbide batekin.

Proiektu honekin, Urdulizko Udalak inguruko natura, kultura eta historia ondareari balioa eman nahi dio, eta, horrez gain, biztanleen artean ohitura osasungarriak eta gizarte-kohesioa sustatu nahi ditu. Proiektu honek urteak daramatza funtzionatzen, eta gero eta harrera handiagoa du.

Aurtengo lehenengo ibilbidea Urduliztik Plentziara egindakoa izan zen. 4 orduko jardunaldian, parte-hartzaileek gure inguruan ditugun espezie inbaditzaileei buruzko dibulgatzaileen azalpenez gozatu ahal izan zuten, bai eta ibilbidean zehar egin zuten identifikazioaz ere. Plentzian zegoela, Plasentia Butroe Museoaren bisita gidatu bat egin zuten, lanaldia ixteko.

Ekainaren 18an egin zen bigarren ibilbidea, Butroeko Gaztelura. Kasu honetan, parte-hartzaileek birziklatzeari eta edukiontziak behar bezala erabiltzeari buruz ikasi ahal izan zuten. Gaztelura iritsitakoan, taldeak galdera eta erantzunen joko batean parte hartu zuen, eta jardunaldirik dinamikoena eta aktiboena egin zuen. Hamaiketakoa amaitutakoan, berriz ere Urdulizera.

Aurtengo hirugarren ibilbidea, Sopelara joan eta etortzekoa, urriaren 8an egin zen. Beste behin ere, oso harrera ona izan zuen. Familiek, gazteek eta adinekoek aukera izan zuten Atxabiribil hondartzako ibilaldiaz, jardunaldiaz eta Flyschari eta inguruko geologiari buruzko azalpenez gozatzeko, Ana Berreteaga urduliztarra geologoaren eskutik.

Aurtengo proiektuari azken brotxea jartzeko, Urdulizko ibilbide historikoa. Elizaren dorreko kanpandorrera, Santa Marina baselizara eta Torre Barri dorretxearen jauregira bisita gidatua egin du Urdulizko historialari Koldo Somokuetok. Gure herriak dituen sekretuak, historia eta legendak ezagutarazi ditu. Lehenengo egunetan eskainitako plaza guztiak bete dira lehenengo egunetan.

Beste behin ere, Urdulizko Udalak Tantak erakundearen laguntza izan du proiektu hau gauzatzeko. Erakunde ezaguna dagoeneko udalerrian, kontuan hartuta beste proiektu batzuk ere eraman dituela, hala nola Haurtzaroko Basoa, tailerrak udalerriko eskolan edo hiri-garbiketak, besteak beste.