Espero genuen aldaketa heldu da Urdulizera. Desberdinen arteko akordio baten bitartez gobernatzeko molde berri bat abian jarri nahi dugu

Hurbiltasuna izan da kanpainan erabili genuen lelotako bat, eta daborduko nabaria da herritarrak alkatetzara hurbiltzeko beldurra galdu dutela. Agindutakoa betetzeko asmoz lanean hasi gara eta lehen urrats gisa gobernu-taldeko kargudunen soldaten gastua jeitsi da, baina aldi berean lantaldea profesionalagoa izatea lortuz.

Agenda beteta daukagu gobernu-taldean, udal teknikariekin zein herriko eta eskualdeko eragileekin batzar ugari egin ditugu eta gehiago egingo ditugu. Eskutartean daukazun aldizkariaren eredua ere aldatu gura genuke, herritarrek errazago esku hartuz etorkizunean urduliztarren aldizkaria izan dadin, Udalarena baino gehiago.

Abuztuko oporraldia iritsi aurretik lanean jardungo dugu, Udalaren eguneroko martxa gera ez dadin eta gure programa betetzeko oinarriak jarriz.

Aitortu behar dut itzelezko erronka dela gobernantza eredua aldatzeko asmoz aginte- makilari eustea, baina herria erdigunean jartzeko erronka ilusioz eta komentzimenduz hartu dugu. Denon artean lan eginez Urduliz berri bat, merezi dugun herri bat sortzea da asmoa.

Herria herritarrok egina, Urduliz urduliztarrok egina