Urdulizko Udalak 2025eko aurrekontua onartu du, eta, gastuetarako, 9.621.357,13€ko zenbatekoa du.
Aurrekontu honen bidez, ekintza inklusiboak indartu nahi ditugu, eta, era berean, eraginkortasunez heldu nahi diegu Urdulizko herritarrei eragiten dieten ondorio ekonomiko eta sozialei.
Gure udalerrian bizi-kalitatea hobetzeko dugun konpromisoaren ildotik, kalitate handiko zerbitzuak eskaini nahi ditugu, eta, halaber, laguntza eskaini nahi diegu ahultasun-egoeran dauden pertsonei. Aurrekontuotan honako hauek bermatuko dituzten ekintzak sartu ditugu:
• Gizarte-politikak babestu eta garatzea
• Hezkuntza, euskara eta kultura arloak bultzatzea
• Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatzea
• Herrian jasangarritasuna eta mugikortasuna sustatzea
Diru-sarreren atalean, daturik garrantzitsuena zabor-tasaren igoera izango da. Izan ere, Europako Batasunak arlo horretako hainbat jarraibide eman ditu 2018/851 Zuzentarauaren bidez —eta, horrekin bat, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ere—, eta nahitaez egokitu behar dugu jarraibide horietara. Aipatutako legearen arabera, udalek, aurrerantzean, ezingo dute funts orokorretara jo hondakinak bildu eta kudeatzeko gastuak ordaintzeko. Horrek esan nahi du tasa doitu egin beharko dela zerbitzuaren benetako kostua islatzeko.
Gastuei dagokienez, aurrekontuak barne hartzen ditu Partaidetzako Aurrekontuetan hautatutako partidak ere, 50.000€ guztira.